XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Heziketa profesionala enpleguaren zutabea

BADIRUDI azken urteetan gure gizartean gazteak goi mailako ikasketak egitera behartuta zeudela.

Hori bait zen guraso asko eta askoren nahia edo desioa.

Eta pentsaera hori legitimoa izanik, zorionez aldatzen ari da gaur egun.

Izan ere, Unibertsitatea ez ezik, bada orain beste aukera edo irteera gehiago.

Zenbait kasutan, Unibertsitateko titulo batek ez du lanpostu bat garantizatzen eta etorkizuna beraz, beste ikasketa mota batzutan dagoela ohartu da gazte asko.

Eta aukera hori eskeintzen die, besteak beste Heziketa Profesional Okupazional delakoak, lan munduarekin harreman estu-estua bait du.

Orain arte heziketa profesionalak ez du oso fama ona izan eta ziur aski hori izan da Unibertsitatean hainbeste gazte estudiatzearen arrazoi nagusienetariko bat.

Baina orain, heziketa profesionala bultzatzea ezinbestekoa da gure ekonomiaren garapena lortu nahi badugu, heziketa egoki batek, besteak beste lanpostuak mantendu eta berriak sortarazten bait ditu.

Eta horretarako hartu beharreko neurriak asko dira.

Lehenengo eta behin, derrigorrezkoa litzateke, gaur egun burutzen diren politika guztiak politika bakar batean biltzea.

Zentzu horretan, Heziketa eta Enplegurako Euskal Institutoaren sorrera garrantzizko faktorea izango da, Instituto honek eztabaida zentzu bat izateaz gain, kordinatu eta zehaztuko bait ditu, etorkizunera begira, betebeharreko ekintzak.

Kontutan izan behar da, dena den, Instituto honek bere helburuak osotasunean bere ditzan INEMek formazio eta enpleguari buruz dituen konpetentziak bereganatu beharko dituela Eusko Jaurlaritzak.

Bestalde, gaur egun Euskal Elkarte Autonomoan diharduten hogeitahamabi Komite Komarkalen lana bultzatzea ere garrantzizkoa da.

Hauek bait dira herrietan dauden beharrak ezagutzen dituztenak.

Gainera, giza sektore guztiek, Erakundeek, enpresariek, sindikatuek... hartzen dute parte bertan.

Hau dela eta, enplegurako heziketa planak antolatzeko aproposenak dira.

Arlo honetan, giza sektore guztien partaidetza eta kontsensoa funtsezkoa bait da.

Azken finean, heziketa bikain batek benetako lan mundua ezagutzeko aukera eman behar dio ikasleari.

Eta hori irakaskuntza eta produkzio mundua harremanetan, eta batez ere elkarlanean jarriz lortzen da.

Horregatik, ikastetxeek zer esan handia dute gai honetan.

Ez bait du zentzurik ikastaro eta irakasle onak edukitzea tresnak eskaxak edo traketsak badira.

Teknologia berriak izango dira zentru hauen ardatzak.

Ikasleek lanean iharduteko tresna egokienak izango dituzte bertan, benetan erabiltzeko, noski eta ez ikusi edo miresteko soilik.

Zentru hauek gizartearen beharrei erantzun behar die, profesio berria sortuz edota zaharrak moldatuz.

Edozein kasutan ere, ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.

Horrez gain, erreziklaje eta postgraduko ikastaroak etengabe bultzatu behar dira, teknologia eta lanpostu berriei edozein momentutan egokitzeko.

Horretaz aparte lanpostu bat aurkitzeko zailtasun gehiago dituzten pertsonentzat, hau da, gazteak, emakumeak, toxikamano eta preso ohi, elbarritu, langabezian luzaroan egon direnak, ohizko heziketan porrot egin dutenak, etabarrentzat ikastaro eta laguntza bereziak prestatu beharreko gauzak dira.

Neurri hauek direla medio, lanpostu berriak sortarazi eta jendea behar bezala prestatuko dugu lan merkatuan sartzeko gai izan dadin edo lan postuak sor ditzan, enpresa berriak eratuz.

Agian batzutan heziketak ez du zuzenki enplegua sortaraziko, baina berari esker normalean aldaketei diegun beldurra desagertzen joango zaigu.

Azken finean, aukera ugari eskeini eta ezagutarazi behar diogu gizarteari.

Esfortzu handi bat eginez, irudimen eta kreatibitate handiz, heziketa profesionalaren aurka egon diren aurreiritziak ahaztu behingoz eta etengabe.

Europako mailera iritsi.

Horretan dihardugu: urratsez urrats, etorkizunerako bideak zabaltzen.

MARTIN AUZMENDI

EUSKO JAURLARITZAKO LAN KONTSEILARIA